Novelty kafetegia 1903an zabaldu zen, Donostiako Bulebarrean, 1917 arte. Ondoren bitxi-denda izan zen hainbat urtetan. Handik iritsi zaigu beirate modernista bat, kafetegi garaikoa, hasiera-hasieratik egina ote zen ez dakigun arren; beraz, ehun urte baino gehiagokoa da. Mauméjan enpresa ospetsuak sinatua da. Orduko ikonografia tipikoa erakusten du: ume pare bat, goxokiak jaten, itsas paisaia batean.
Kalitate handiko lana da, beira mota asko eta teknika asko maisutasunez erabili direlako. Kontserbazio-egoera, aldiz, kaxkarra zen, behealdean batez ere: galerak, hausturak, orbanak, gehikuntzak, berunaren deformazio eta karbonatazioak... Ohi bezala, zaharberritzeari ekin aurretik azterketa bat egin da (dokumentazioa bilatu, argazkiak egin, eta abar). Ondoren, panelak egoki paratu, gehitutako itsasgarriak eta abar kendu eta garbitzeari ekin zaio: mekanikoki eta kimikoki. Beira hautsiak zein puskatuak konpondu dira, betiere atzera egiteko moduan, eta euskarriak indartu. Behin panel guztiak zaharberrituta, euskarri berezietan egokitu eta beiratea berrosatu da, hartara berariaz prestatutako tokian.
Zaharberritze-lanen arduraduna Amaya Sánchez izan da, beirateetan espezializatutako zaharberritzailea.
Donostiako kafetegi batekoa
29 / 09 / 2020