Lizaso (Ultzama, Nafarroa), XVI. mendea
2018 / 05 / 16

Harizkiz egindako altzaria; bi gorputz berdinetan banatuta dago eta bakoitzean espazio bateratuak ditu. Aurrealdean lau ate laukizuzen ditu: ate bakoitza eraikitzeko lau pieza triangeluar baliatu dira, erdian pieza laukizuzen bat jarriz lotu direnak. Beste hiru paretak mihiztatutako zurezko piezez egindako bina panelek osatzen dituzte. Ateek jatorrizko burdinezko gontzak dituzte, iltze zapalak, eraztun formako heldulekuak eta giltza zuloak, eskuinaldeko goialde eta behealdean. Motibo geometrikoekin apainduta dago (lerro ebakiak eta zenbait zirkulu).

Kutxak askoz maizago aurkitzen badira ere, euskal museoek XVI. eta XIX. mendeen artean egindako armairu eta arasa bikainak kontserbatzen dituzte. Estilo propioa dute, garai bakoitzean Europako beste eskualdeetan gertatzen ari ziren eragin konstruktibo eta dekoratiboak nabaritu arren.

Altzari hau Lizasotik dator (Ultzama, Nafarroa) eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren X. Otero bildumakoa da. GFA-021946-001

Erreferentzia bibliografikoak:

Manso de Zúñiga, Gonzalo. Museo San Telmo. Bilbao : La Gran Enciclopedia Vasca ; San Sebastián : Caja de Ahorros Municipal, 1976. 264-269.

Inbentario-zenbakia: GFA-021946-001

 

Mikelete