Leon Barrenechea
2019 / 07 / 27

Leon Barrenechea Torralba Irunen jaio zen, 1892an, eta Parisen hil, 1947an. Hamabost urte zituela, Bilboko Arte eta Lanbide Eskolan marrazketa ikasi zuen, eta geroago sei urtez eskultura Madrilen. Gazte-gaztetatik hasi zen artelanengatik sariak eta dominak jasotzen; adibidez, Gipuzkoako Aurrezki Kutxa Probintzialak antolatutako Artista Berrien Lehiaketan, Julio Beobidek eta biek lehen sari bana irabazi zuten, 1920an.
 
Eskulturetan, batetik, pertsonaia garaikide ospetsuak erretratatu zituen; bestetik, euskal langileak ere izan zituen inspirazio-iturri, harriz, marmolez eta brontzez, batik bat herri kiroletan: estropadetako arraunlariak, idi-demak, harrijasotzaileak, eta abar. Giharren tratamendu trebeari esker, indarraren eta ahaleginaren sentsazioa azaltzea lortzen zuen. Honako laiari hauek, esaterako, ederki islatzen dute Barrenecheak landutako eskultura mota.

Erregistro zenbakia: GFA-049007-001