Darío de Regoyos espainiar inpresionista nagusiak harreman estua izan zuen Irunekin, bere ama Gipuzkoako hiri horretan bizitzen jarri zenetik, eta hor bizi izan zen margolaria bera ere, aldizka, hurrengo urteetan. Bidaso inguruak erakartzen zuenez –luzaroan iraun zuen erakarpen horrek–, makina bat aldiz margotu zituen Hondarribi eta Irun herriak, hango hiri espazioak eta landa ingurumariak. Margolan horietako askotan, Jaizkibel mendia bihurtzen da konposizioaren protagonista, eta konposizioa ardazten laguntzen du. Hemen, Regoyosek, aurre egiteko mendiaren masak berekin dakarren joera nabarmenki horizontalari, diagonalak erabili zituen, artasoroek sortutakoak, hain zuzen ere; artasoroen gainetik, berriz, Junkal eliza eskerga altxatzen da. Kromatismoa, non berde hotzak harmonizatzen dituen horiekin eta urdinekin, bere heldutasun aldiaren adierazgarri da. Iruzkinaren egilea: Mikel Lertxundi Galiana.
Inbentario-zenbakia: GFA-047545-001