Eraikina
Eraikina Pedro Astigarraga eta Jose Leon Lasarte arkitektoek diseinatu dute. 2009. eta 2011. urteen artean eraiki da. Oinplanoa angeluzuzen handi bat da, eta lau fatxadetako xaflek edukiontzi itxura ematen diote. Hori guztia dela eta, eraikin bakana da, inguratzen duten bizitoki eta lantegien artean ikusgarria. Lorategiarekin batera, 3445 m2 hartzen ditu; guztira, bada, 9116 m2-ko azalera eraikia du, hiru solairutan banatuta.
Objektuak zortzi biltegitan gordetzen dira, hedadura osoaren % 70; hots, 6.000 m2 inguru. Objektuek beren material eta konposizioaren arabera behar duten hezetasun eta tenperatura mailei eusten zaie, betiere hezetasun erlatiboa % 60tik behera eta tenperatura 18 eta 20 gradu artean. Ehunak, paperak eta metalak gordetzeko areto bereziek egokitutako parametroak dituzte.
Horrez gain, badaude bulegoak, gai arkeologiko, paleontologiko, etnografiko eta artelanentzako zaharberritze-tailerrak, erregistratzeko eta argazkiak egiteko gelak, igarotze eta berrogeialdiko guneak, liburutegia, ikerketa eta kontsultarako bi gela, bai eta balio anitzeko bi areto ere, hitzaldiak, tailerrak, erakusketak, eta abar antolatu ahal izateko.
Kanpoko energiaren kontsumoa gutxitzearren, eraikinak geotermia egitura bat dauka, eta hainbat eguzki-panel azotean. Ondarearen kontserbazio egokiak eskatzen dituen baldintza klimatikoak etengabe bermatze aldera, argindar-sorgailu autonomo bat ere badago, hornidura elektrikoak huts egingo balu automatikoki abiaraziko litzatekeena.