Gipuzkoako Foru Aldundia
Gipuzkoako Foru Aldundiak ondare higigarri joria dauka, batez ere artelanak eta balio etnografiko eta historikoko elementuak. Horietarik, Gordailuan 38.000 pieza baino gehiago biltzen dira.
Askotarikoak dira haien jatorriak, ezaugarriak, multzoak, gaiak, eskuratzeko bideak, eta abar. Oro har, aldundiak Gipuzkoako historiaren eta gizartearen objektu esanguratsuak bildu nahi ditu, baserrikoak, kalekoak zein industrialak. Hortaz, lurraldean eginikoak jasotzen dira, bai eta, jatorriak jatorri, bertako bizimoduaren, jardunbideen, eboluzioaren, jende arruntaren nahiz kulturan itzala izan dutenen berri ematen dutenak ere.
Porcelanas Bidasoa, Unión de Artistas Vidrieros eta Platería Satostegui lantegietatik iritsitakoak oso interesgarriak dira, enpreson historia, lehengaiak, diseinuak, tresneriak, lan egiteko erak, azken emaitzak eta abar erakusten dituzten heinean. Batzuetan, ostilamendu osoak bildu dira, hala nola Soraitz, Zubimendi, Zugasti Barrena, Oruezabal baserrietakoak, eta Miramar jauregikoa. Halaber, badira biltzaile handien ekarpenak: Manuel Laborde Werlinden, Fernando Díaz Peral, Ignacio Mª Atxukarro, Jesus Mª eta Lurdes Etxeberria, etc. Beste batzuetan, aldiz, artistek eta ikerlariek urte luzeetan jasotakoen emaitzak dira: Didier Petit de Meurville, Nestor Basterretxea, Juan Gorriti, Xabier Otero, Antxon Aguirre Sorondo, Goruzaleok eta Etnogintza taldeak...
Arte bildumaren gehiena XIX. mendearen bigarren erdialdetik gaur egun arte ekoitzia da. Aipagarria da Euskal Herrian XX. mendeko 60-70eko hamarkadetan egindako lana, bai eta 80-90etakoa ere, Arteleku eta Artista Berrien sariari esker. Artelanak funts guztiaren % 5 dira gutxi gorabehera, margolanak gehienbat, eta, gutxixeago, eskulturak eta estanpak.
Aldundiaren museoetatik datozen bildumen artean, aipagarriak dira Zumalakarregi Museoarenak eta Untzi Museoarenak.
San Telmo Museoa
Donostiako Udal Museoa, San Telmo komentu izandakora lekualdatu zelako gerora horrela deituta, Euskal Herriko zaharrena da, 1902an fundatua. Ehun urte luzetan milaka objektu jaso ditu: arkeologikoak (650 ale) etnografikoak (9.200 baino gehiago), artistikoak (6.800 baino gehiago), historikoak (800 aletik gora), argazkiak (15.000 baino gehiago)… Oraindik ere, museoak eutsi egiten dio euskal gizartearen historia eta bilakaeraren bilduma adierazgarrienak kontserbatzeko, osatzeko eta handiagotzeko erantzukizunari.
2011n birmoldatu zelarik, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Donostiako Udalak hitzarmen bat adostu zuten, San Telmok erakusgai paratzen ez dituen bildumak Gordailuan jaso eta kudea ditzan. Hortaz, STMren 31.000 pieza baino gehiago Gordailuan bildu dira. Gainerakoak bezala, ikerlarien eskura daude, bertan kontsultak egiteko. Aldundiaren bildumekin egiten den bezala, aldi baterako erakusketetan mailegatzeko objektuak ere bertan zaharberritu edota prestatzen dira.
Bestelako erakundeak
Gordailuko biltegietan beste erakunde eta partikular zenbaiten kultur ondarea ere jasoa dago. Guztira 250 bat elementu dira, garai, teknika eta euskarri desberdinetakoak.
Nabarmentzekoak dira Nestor Basterretxearen 214 pieza: eskulturak, marrazkiak, collageak, maketak, zeramika… Gipuzkoako Batzar Nagusien jabegoko artelanak ere, beren egoitzan bertan ez dituztenak, Gordailuan gordetzen dira.