Gipuzkoako Foru Aldundia
Gipuzkoako Foru Aldundiak ondare higigarri joria dauka, batez ere artelanak eta balio etnografiko eta historikoko elementuak. Horietarik, Gordailuan 38.000 pieza baino gehiago biltzen dira.
Askotarikoak dira haien jatorriak, ezaugarriak, multzoak, gaiak, eskuratzeko bideak, eta abar. Oro har, aldundiak Gipuzkoako historiaren eta gizartearen objektu esanguratsuak bildu nahi ditu, baserrikoak, kalekoak zein industrialak. Hortaz, lurraldean eginikoak jasotzen dira, bai eta, jatorriak jatorri, bertako bizimoduaren, jardunbideen, eboluzioaren, jende arruntaren nahiz kulturan itzala izan dutenen berri ematen dutenak ere.
Porcelanas Bidasoa, Unión de Artistas Vidrieros eta Platería Satostegui lantegietatik iritsitakoak oso interesgarriak dira, enpreson historia, lehengaiak, diseinuak, tresneriak, lan egiteko erak, azken emaitzak eta abar erakusten dituzten heinean. Batzuetan, ostilamendu osoak bildu dira, hala nola Soraitz, Zubimendi, Zugasti Barrena, Oruezabal baserrietakoak, eta Miramar jauregikoa. Halaber, badira biltzaile handien ekarpenak: Manuel Laborde Werlinden, Fernando Díaz Peral, Ignacio Mª Atxukarro, Jesus Mª eta Lurdes Etxeberria, etc. Beste batzuetan, aldiz, artistek eta ikerlariek urte luzeetan jasotakoen emaitzak dira: Didier Petit de Meurville, Nestor Basterretxea, Juan Gorriti, Xabier Otero, Antxon Aguirre Sorondo, Goruzaleok eta Etnogintza taldeak…
Arte bildumaren gehiena XIX. mendearen bigarren erdialdetik gaur egun arte ekoitzia da. Aipagarria da Euskal Herrian XX. mendeko 60-70eko hamarkadetan egindako lana, bai eta 80-90etakoa ere, Arteleku eta Artista Berrien sariari esker. Artelanak funts guztiaren % 5 dira gutxi gorabehera, margolanak gehienbat, eta, gutxixeago, eskulturak eta estanpak.
Aldundiaren museoetatik datozen bildumen artean, aipagarriak dira Zumalakarregi Museoarenak eta Untzi Museoarenak.