Gordailua Gipuzkoako Foru Aldundiaren Ondare Bildumen Zentroa da. Lurraldeko kultur ondarea biltzea, zaintzea eta ezagutaraztea du helburu nagusi. Gordailua elkargune bat da, jabe eta jatorri desberdinetako funtsak zaintzen ditu eta. Bilduma bateratua osatu ez ezik, kudeatu ere elkarlanean kudeatzen du. Milaka ondare-gai etnografiko, artistiko eta arkeologiko gordetzen ditu. Bere funtsei buruzko azterketak egiten ditu, bai eta kultur ondareari buruz besteen ikerketak erraztu ere.

Gordailua baliabide-zentro bat da. Gipuzkoako museo sareari laguntza eta zerbitzuak eskaintzen dizkion plataforma bat da, baliabideen optimizazioa eta iraunkortasuna sustatzen dituena. Gordailuak Gipuzkoaren memoriaren artxibo materiala eratzen du.

Zer da Gordailua?

Gordailua Kultura, Turismo, Gazteria eta Kirol Departamentuari atxikita dago. Gipuzkoako Foru Aldundiaren ondare bildumak biltzen ditu. Halaber, San Telmo Museoaren eta zenbait erakunde publiko eta pribaturen ondasunak ere gordetzen dira bertan; adibidez, Nestor Basterretxearen obra. Gehienbat etnografiako piezak eta artelanak dira, 100.000 ale baino gehiago guztira.

2015. urteaz geroztik, Gipuzkoako Arkeologiaren eta Paleontologiaren biltegia ere bada, lurralde honetan burutu diren indusketetan, prospekzioetan eta aurkikuntzetan ezustean atzeman diren pieza arkeologikoak eta paleontologikoak zaintzeko. Gordetegi honetan 12.000 kaxa baino gehiago daude.

Bere eskurapen-programa gauzatzeaz gain, partikular edo erakunderen batek zerbait eman, saldu edo utzi nahi badu, Gordailuak proposamena hainbat irizpideren arabera aztertzen du: jatorria, kontserbazio-egoera, bildumen hutsuneak betetzea, garai, toki, sektore sozial baten adierazle esanguratsua izatea, eta abar.

Eraikina

Eraikina Pedro Astigarraga eta Jose Leon Lasarte arkitektoek diseinatu dute. 2009. eta 2011. urteen artean eraiki da. Oinplanoa angeluzuzen handi bat da, eta lau fatxadetako xaflek edukiontzi itxura ematen diote. Hori guztia dela eta, eraikin bakana da, inguratzen duten bizitoki eta lantegien artean ikusgarria. Lorategiarekin batera, 3445 m2 hartzen ditu; guztira, bada, 9116 m2-ko azalera eraikia du, hiru solairutan banatuta.

Objektuak zortzi biltegitan gordetzen dira, hedadura osoaren % 70; hots, 6.000 m2 inguru. Objektuek beren material eta konposizioaren arabera behar duten hezetasun eta tenperatura mailei eusten zaie, betiere hezetasun erlatiboa % 60tik behera eta tenperatura 18 eta 20 gradu artean. Ehunak, paperak eta metalak gordetzeko areto bereziek egokitutako parametroak dituzte.

Horrez gain, badaude bulegoak, gai arkeologiko, paleontologiko, etnografiko eta artelanentzako zaharberritze-tailerrak, erregistratzeko eta argazkiak egiteko gelak, igarotze eta berrogeialdiko guneak, liburutegia, ikerketa eta kontsultarako bi gela, bai eta balio anitzeko bi areto ere, hitzaldiak, tailerrak, erakusketak, eta abar antolatu ahal izateko.

Kanpoko energiaren kontsumoa gutxitzearren, eraikinak geotermia egitura bat dauka, eta hainbat eguzki-panel azotean. Ondarearen kontserbazio egokiak eskatzen dituen baldintza klimatikoak etengabe bermatze aldera, argindar-sorgailu autonomo bat ere badago, hornidura elektrikoak huts egingo balu automatikoki abiaraziko litzatekeena.

Nola heldu

 
Mapa Grisa
Mapa
Mapa Grisa
 

Euskotren

E1 Hendaia-Lasarte "topoa", Hendaiarako norabidean.

Geltokia: BELASKOENEA-IRUN:

 

Handik segi oinez eskuinean dagoen Marinel kaletik, eta bukaeran ezkerrean dagoen Gobaragin kalea gorantz Auzolan kaleraino (10 bat minutu).

Ordutegiak

Renfe

C-1 Irun-Brinkola, Irunerako norabidean.

Geltokia: BENTAK-IRUN:

 

Geraleku gaineko zaldaina zeharkatu eta hartu Andrearriaga kalean behera, Katea auzoa gurutzatuz errotonda handi bateraino. Han, Elizatxo hiribidetik gora, oinezkoen semaforoa pasa eta ezkerretik joanda Auzolan kalean gora segi (15 bat minutu).

Ordutegiak

Autobusez

EKIALDEBUS

E24: Irun – Donostia (Ibaeta-Erdigunea-Amara)

(Ibaeta-Erdigunea-Amara) Geltokia: Gobaragin kalea

E28: Hondarribia–Irun–Donostia

(Ibaeta-Erdigunea-Amara) Geltokia: Elizatxo hiribidea, 36 (Oinaurre)

Kotxez

DONOSTIAtik: Joan autopistatik (AP8) edo errepidetik (GI-636) Irunerantz, eta GI-2134 errepidea hartu Irun erdigunerantz, Belaskoenea kartela ikusi arte.

BAIONAtik: Joan autopistatik (A63 eta AP8) edo errepidetik (D810 y GI-636) Irunerantz, eta GI-2134 errepidea hartu Irun erdigunerantz, Belaskoenea kartela ikusi arte.

 

Harremanetarako

Gordailua, Gipuzkoako Ondare Bildumen Zentroa

Auzolan, 4 - 20303 IRUN (Gipuzkoa)

943 415 178

gordailua@gipuzkoa.eus

Astelehenetik ostiralera, 8:30etik 15:00etara

 

Aurretiko hitzordua

Gordailua bisitatzeko, beharrezkoa da aurretiko hitzordua eskatzea. Hauta ezazu zeure bisita mota zerbitzuak atalean, edo zuzenean gurekin harremanetan jarrita.