Gordailuaren kontserbazio atalak hainbat lan jorratzen du. Batetik, bertako objektuen prebentziozko kontserbazioaren jarraipena egiten du: baldintza klimatikoen kontrola, bildumen larrialdi-plana eratzea, izurriteak osotasunean kudeatzeko koordinazioa, eta abar. Bestetik, zaindutako ondarearen esku-hartzea egiten da, zer edo zer kontserbazio egoera onean ez baldin badago. Horregatik, badira gune bereziak objektuak garbitu, prestatu, egokitu, kontserbatu edota zaharberritzeko. Edozein esku-hartzeri ekin aurretik, elementuak materiaren eta egoeraren arabera aztertzen dira, eta behar duten tratamendua erabakitzen.
Halaber, kontserbazio atalak ikuskatu, kontrolatu edota artatu egiten du aldundiak beste egoitzetan dauzkan kultur ondarea, bai eta Gipuzkoako ondarearen beste elementu garrantziko zenbait ere, horretarako batzordeetan aldez aurretik komenigarria dela adostuz gero.
Zaharberritze-tailerrak lan esparru egoki eta seguruak direla bermatzen da. Hartara, airea berriztatzeko egitura daukate, hautsa eta lurrun toxikoak sortu orduko kanporatu ahal izateko; aire konprimituko hartuneak eta makineria berezia ere badaude.
Arte zaharberritze-tailerra
Bertan, edozein esku-hartzeri ekin aurretik, artelanak aztertu eta, ondoren, antzemandako beharren arabera artatzen dira: prebentziozko kontserbazio neurri hutsak izan daitezke, artelanen osotasun fisikoa bermatu alde (egokitzapena, babesteko gaiak, etc.), edo sendotzeko kontserbazio lanak, narriatzea etetearren (deformazioak kentzea, finkatzea, sendotzea, itsastea, azaleko garbiketa…); zaharberritzeraino ere hel daiteke, artelanaren berreskuratze estetikoa lortzeko xedez (garbiketa, ukituak ematea, bernizatzea, eta abar).
Etnografia zaharberritze-tailerra
Izaera etnografikoko objektuei, izan eskuratu berriak, izan Gordailutik aldi baterako erakusketetara irten eta itzuliak, gorde aurretik nitrogeno bidezko anoxia tratamendu bat ematen zaie derrigorrez, material organikoren bat baldin badute. Halatan bermatzen da Gordailuan bertan bildutako gainerako elementuak ez dituztela kutsatuko.
Biltegiratu aurretik, azaleko garbiketari ere ekiten zaio, objektuei atxikitako hautsa, lurra, onddoak edo bestelako zikinak kentzearren.
Oro har, ez da objektu guztien erabateko zaharberritze lanik egiten. Pieza bat edo beste erakusketa baterako erabili behar izanez gero, kontserbaziozko eta estetikazko esku-hartzeren bat egiten zaio.
Zaharberritze tratamendu osoa soil-soilik ematen zaie kontserbazio egoerarengatik behar duten objektuei eta erakusketetarako edo ikerketa zehatzerako prestatzen direnei.
Arkeologia eta Paleontologia zaharberritze-tailerra
Arkeologia eta paleontologia zaharberritze-tailerrean batik bat Gipuzkoan egindako indusketetan aurkitutako objektuak prestatzen dira. Material horien osagaiak eta kontserbazio egoerak askotarikoak izaten dira, eta denek jasotzen dute behar duten tratamendua, bai jatorri organikozkoak (zura, larrua, oihala, hezurra), bai inorganikozkoak (burdina, kobrezko aleazioak, zeramika, harria, eta abar).
Lan esparru desberdinak daude, objektuen izaera edota tamainaren arabera eroso ekin ahal izateko. Tailer nagusian, tamaina ertain eta txikiko pieza paleo-arkeologikoak lantzen dira. Beste lokal batean, urmaelak eta azpil handiak daude, urpeko indusketetan aurkitutako objektu ertain eta handiak gatzgabetu eta garbitu ahal izateko.
Urez blaitutako objektu organikoak sendotu, kontserbatu eta liofilizazioz lehortzeko egitura bat ere badago. Halaber, badaude metalezko pieza ertain eta handiak elektrolisiz garbitzeko baliabideak ere.