2023an Gordailuak jarraitzen du eskaintzen hilean behin bisita gidatu presentzialak.

Publiko orokorrarentzako bisita gidatuak dira, doan, bisitariek bertatik bertara ezagut dezaten nola biltzen eta zaintzen diren Gordailuko ondare-bildumak. Bisiten helburu nagusia eraikina, instalazioak eta ondarearen balioa agerrarazteko funtzioak erakustea da. Izan ere, Gordailua oso handia da, denetariko ondarea dago eta askotariko lanak egiten dira; beraz, ezin dena bisita bakar batean ezagutu. 

Bisitaldi orokorrak beti ostiral arratsaldez antolatzen dira, hilean behin (normalean azken ostiralean, baina kontsultatu programa) 17:00etan gaztelaniaz eta 18:15ean euskaraz. Antolatutako taldeentzat ere bisitak eskaintzen dira: ikasleak, kultur elkarteak, euskaltegiak... Frantsesez eta ingelesez ere bai, aldez aurretik osatutako talde batek berariaz eskatzen baldin badu. Talde espezifikoetarako bisiten eguna eta ordua talde bakoitzaren eta Gordailuaren artean adostuta finkatzen dira, publiko orokorrarentzako bisitetatik at.

Bisitetan beti aldez aurretik izena eman behar da: gordailua@gipuzkoa.eus helbidera idatzita edo 943 555 520 telefonora deituta.

Izena eman ondoren edozergatik etortzerik ez baduzu edo berandu bazabiltz, mesedez, lehenbailehen jakinarazi goian adierazitako telefonora deituta.

Zaintzen duen ondarea ezagutaraztearren, Gordailuak hainbat aukera eskaintzen die adituei zein publiko orokorrari. Gipuzkoak daukan kultur ondarearen balioa agerraraztea da xedea, Gordailuan bertan gordetzen diren bildumen berri ematetik harago.